Iruñean hasi da “Oztoporik gabe, hobe! / ¡Que corra el agua!” erakusketaren ibilbidea. 2019/11/4-2019/12/15

Erakusketan ederki laburbildua dago Kantauri aldeko ibaien arazo nagusia, hots, zatiketa, eta izokina, dagoenekoz, Elizondotik bost kilometrora iritsi delako albistea dakar. LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan egina dago.

Ikusgai egonen da azaroaren 4tik abenduaren 15ra, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuaren egoitzako behe solairuan, hau da, Iruñeko González Tablas karrikako 9an.

Erakusketak, hasteko, ibai baten azpia eta ingurunea birsortu ditu. Gero, ilustrazioak, mapak, grafikoak eta irudi ikusgarriak ageri dira; horien bidez, oso argi azaltzen zaigu zertan dautzan ibaietako zatiketa arazoak, izokin batek lehen pertsonan kontatzen duen istorioaren bitartez; eta bestetik, ikusgai dago zer-nolako ildoak hartu dituzten administrazioek biodibertsitatea zaintzeko politiketan, gure ibaiak hobetzeko. Gainera, ageri da zer neurri garatu diren eta zer emaitza izan diren Europako LIFE IREKIBAI proiektuan, hots, Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitate eta habitaten hobekuntza. Proiektuan partaide da Nafarroako Gobernua.

LABRIT Multimedia enpresak ondu du erakusketa, betiere lankidetza estuan Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuko nahiz Nafarroako Ingurumen Kudeaketa GAN-NIK enpresako teknikariekin. Enpresa arduratu da, hain zuzen, erakusketa Europako LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan koordinatzeaz.

Erakusketaren xedea da jendeak ibaia gehiago ezagutzea, haren zainketaren gaineko interesa eta sentsibilitatea sustatuta, eta era berean, Departamentuak, LIFE IREKIBAI proiektuaren bidez, zer-nolako lana egiten duen jakitera ematea.

2019ko abenduaren 16tik aitzina, eta 2020an zehar, erakusketa Nafarroako Kantauri aldeko hainbat herri eta udalerritan egonen da ikusgai, hala nola Bertizko Jaurerria Parke Naturalean (Oieregi), Elizondon, Sunbillan, Lesakan, Donezteben, Leitzan, Etxalarren eta Beran, hain zuzen ere.

Erakusketa

 Erakusketaren edukiak.

 Erakusketako liburuxka.