“Oztoporik gabe, hobe! / ¡Que corra el agua!” erakusketa: Bertizko Jaurerria Parke Naturalean izanen du azken geltokia. 2021/01/11-2021/03/02 (After Life)

Erakusketan ederki laburbildua dago Kantauri aldeko ibaien arazo nagusia, hots, zatiketa, eta izokina, dagoenekoz, Elizondotik bost kilometrora iritsi delako albistea dakar. LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan egina dago.

Bertizko Jaurerria Natur Parkean (Oieregi) ikusgai egonen da urtarrilaren 11etik martxoaren 2ra bitartean.

Erakusketak, hasteko, ibai baten azpia eta ingurunea birsortu ditu. Gero, ilustrazioak, mapak, grafikoak eta irudi ikusgarriak ageri dira; horien bidez, oso argi azaltzen zaigu zertan dautzan ibaietako zatiketa arazoak, izokin batek lehen pertsonan kontatzen duen istorioaren bitartez; eta bestetik, ikusgai dago zer-nolako ildoak hartu dituzten administrazioek biodibertsitatea zaintzeko politiketan, gure ibaiak hobetzeko. Gainera, ageri da zer neurri garatu diren eta zer emaitza izan diren Europako LIFE IREKIBAI proiektuan, hots, Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitate eta habitaten hobekuntza. Proiektuan partaide da Nafarroako Gobernua.

LABRIT Multimedia enpresak ondu du erakusketa, betiere lankidetza estuan Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuko nahiz Nafarroako Ingurumen Kudeaketa GAN-NIK enpresako teknikariekin. Enpresa arduratu da, hain zuzen, erakusketa Europako LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan koordinatzeaz.

Erakusketaren xedea da jendeak ibaia gehiago ezagutzea, haren zainketaren gaineko interesa eta sentsibilitatea sustatuta, eta era berean, Departamentuak, LIFE IREKIBAI proiektuaren bidez, zer-nolako lana egiten duen jakitera ematea.

Erakusketa

Erakusketaren edukiak.

Erakusketako liburuxka.